Museo de la Minería del País Vasco. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioa.
Argibide Orokorrak

Argibide Orokorrak

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta 1986. urtean sortu zen, Meatzaritza Museoaren Kultur Elkartea sortu zen urte berean, gizarte-ekimen batetik.

Elkarte hori, besteak beste, meatzari ohiek eta siderurgiako beste langile ohi batzuek osatu zuten; garai hartako industria-krisi larriaren ondorioz, ordura arte Bizkaiko funtsa izan ziren elementuak baztertuta gelditzen ari zirela ikusita sortu zuten elkartea.

Elkarteak meatzaritzak sortutako elementuak berreskuratu eta zaintzen ditu, modu desinteresatuan; bagonetak, lanabesak, argazkiak eta dokumentuak, besteak beste. Gainera, gure historiaren zati hori ahaztuta gera ez dadin, 2002an Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioa sortu zuten, Abanto Zierbenako Udalarekin batera.

2001. urtean Museoa ireki zuten, Gallarta auzoko Hiltegi Zaharrean. Hala, Meatzaritza Museoaren Elkarteak bere helburuetako bat bete zuen: hots, urteetan zehar mendi eta lantegietan bildutako piezak, lanabesak, makinak eta dokumentazioa jendaurrean erakutsi eta ezagutzera ematea.

Orduz geroztik, etengabe jarraitu du lanean; monografiak editatzen eta era guztietako publikoarentzat erakusketak eta zabalkunde-jarduerak antolatzen. Ahozko lekukotzak jasotzeko lanak eta ikerketak ere sustatu izan ditu, eta gaur egun, hausnarketa estrategikoa egiten dihardu buru-belarri, etorkizuneko proiektuei behar bezala aurre egiteko; besteak beste, eraikin berria eraikitzeko.

Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Euskal Herriko meatzaritzaren kultura eta historia eta, bereziki, Bizkaiko meatzaldekoa ikertu eta ezagutaraztera zuzenduta dago. Hauexek ditu helburu nagusiak:

  • Meatzaritzak izandako garapen historikoa ikertu eta ezagutarazi dadin bultzatzea, eta hark ekonomian, gizartean eta ingurumenean izandako ondorioak.
  • Meatzaritzatik datozen elementu materialak, industriakoak, hirietakoak eta azpiegiturak babestu eta berreskuratzea.
  • Meatzaritzaren garaikoak diren eta harekin lotuta dauden dokumentuak, artxiboak, planoak, irudiak, marrazkiak eta argazkiak berreskuratu eta kontserbatzea.

Kontaktua

Museo de la Minería del País Vasco. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa Fundazioa.

Campo Diego auzoa, z.g. 48500 Gallarta (Abanto-Zierbena) Bizkaia

Telefonoa 94 636 36 82 · Faxa 94 636 05 81